miƩrcoles, 11 de febrero de 2009

Zer da energia?

Zer da energia?
ENERGIAk zenbait jarduera egiteko aukera ematen digu; besteak beste, mendi baten
gailurrera igotzekoa, danbolina jotzekoa eta pentsatzekoa.

Zer energia mota daude?
Zenbait energia mota daude; esate baterako, etxeko lanparak, berokuntza eta hoztesistema
pizteko erabiltzen duguna, janaria prestatzeko erabiltzen dena, eta autoak,
autobusak eta hegazkinak mugitzeko erabiltzen dena.

Non dago energia?
Energiak ez du formarik, eta, beraz, ezin dugu eskuetan hartu. Materiak forma du -
adibidez, futbol-pilota batek edo elur-malutek-, baina energiak, ez. Hala ere, modu askotan
agertzen da energia; modu horietako batzuetan, ikusi egin dezakegu (bonbilla baten
argia), entzun (danbolin baten soinua) edo sentitu (bero dagoen zerbait ukitzean erretzen
garenean, adibidez).
Mota batetik bestera alda daiteke energia. Autobusak gasolioa erretzen duenean, gasolioaren
energia bero bihurtzen da, eta beroa beste energia mota bat da. Bonbilla bat pizten
dugunean, argi-energia eta bero-energia bihurtzen dugu energia elektrikoa.

Zertarako balio du energiak?
Lanak egiteko erabiltzen da energia. Mendi bat igotzeko, energia behar dugu, eta, jaten
dugunean eta hazten ari garela nabaritzen dugunean, energia erabiltzen dugu.
Energiak mugimendua eragiten du. Objektu bat higitzen ari dela ikusten dugunean,
badakigu energia erabiltzen ari dela. Haizeak astindutako paper-orri batek, irakiten duen
urez betetako lapiko batek eta higitzen ari den auto batek energia erabiltzen ari dela
erakusten digute. Energiak egiten duena nabaritzen edo ikusten dugulako dakigu energia
badagoela. Energiak autoak higiarazten ditu, makinak funtzionarazten, elikagaiak berotzen
eta gure ikasgela argitzen.
Eguzki-energia / Seinalatu Eguzkia edo horren argazkia.
Lurreraino iristen den argia energia purua da, eta Eguzkia da energia horren jatorria.
Gainerako ia energia-iturri gehienak eguzki-energiatik sortu ziren. Materia organikoak
-adibidez, landareek- hosto, lore eta fruitu bihurtzen du eguzki-energia. Materia organikoa
jaten duten animaliek muskulu-masa bihurtzen dute energia. Animaliak hiltzen direnean,
haien energia deskonposatu eta, oso prozesu luze baten ondoren, petrolio, ikatz edo gas
natural bihurtzen da. Nolabait esateko, eguzki-energia “ontziratuak” dira horiek. Erabiltzen
ditugunean, pilatutako energia gehiena askatzen dute, baina baita elementu kutsatzaile
asko ere (esaterako, berotegi-efektua eragiten duten gasak).

Janaria / Erakutsi sagar bat edo beste edozein fruta.
Gizakiok erabiltzen dugun energia-iturria da janaria. Jaten duguna digeritu egiten dugu,
eta gure gorputzak janariaren energia erabiltzen du, muskulu guztiak mugitzeko eta
hazteko. Oro har, gorputza nekatuta dagoenean, energia falta duen seinalea da, eta energia
ematen digun elikagairen bat behar dugu.

Egurra / Erakutsi egur zati bat.
Egurra zuhaitzetatik lortzen da, eta zuhaitzak, jakina, landareak dira. Landareak Eguzkiaren
energiaz elikatzen dira. Zuhaitzak moztu eta haien egurra erretzen dugunean, Eguzkitik
pilatutako energia askatzen da, bero gisa. Etxe askotan, egurra erabiltzen dute berotzeko,
eta Lurreko biztanle askok, janaria prestatzeko, egurra erabiltzea beste modurik ez dute.

Erregai fosilak
Jarraian azalduko diren hiru adibideak historiaurrekoak dira. Egurraren kasuan legez,
antzinako landareek ere Eguzkiaren argia xurgatu eta landare gehiago egiteko erabiltzen
zuten. Garai hartako animaliek landare horiek jan zituzten; besteak beste, dinosauroek.
Landareak eta animaliak hil eta lurpean geratu zirenean, deskonposatzen hasi ziren,
milioika urtetan zehar; horren ondorioz, beste erregai mota bat sortu zen: landare eta
animalia horien hondakinak erregai fosilak dira.
Ikatza / Erakutsi ikatz zati bat (barbakoak egiteko erabiltzen den horretakoa).
Animaliak hiltzen direnean, haien energia deskonposatu eta, oso prozesu luze
baten ondoren, petrolio, ikatz edo gas natural bihurtzen da. Nolabait esateko,
eguzki-energia “ontziratuak” dira horiek. Erabiltzen ditugunean, pilatutako energia
gehiena askatzen dute, baina baita elementu kutsatzaile asko ere (esaterako,
berotegi-efektua eragiten duten gasak).

Petrolioa / Erakutsi lata bat lubrifikatzaile.
Petroliotik produktu asko lortzen dira; besteak beste, gasolina eta gasolioa (auto gehienen
motorrak eta etxe askoren berokuntza-galdarak elikatzeko erabiltzen dira). Kontsumitzen
dugun ia energiaren erdia petroliotik lortzen da. Ikatzak bezala, erretzean, gas kutsatzaile
asko askatzen ditu petrolioak; eta petrolio asko erabiltzen dugunez, beroketa globala
handitzea eragiten du, neurri handi batean eragin ere. Horrez gain, ingurumen-arrisku
ugari daude petrolioaren garraioarekin lotuta.

Gas naturala / Erakutsi eta piztu metxero bat.
Gas naturala etxe askotan erabiltzen da, berotzeko eta janaria prestatzeko. Halaber,
elektrizitatea sortzen duten zentral termikoetan ere erabiltzen da. Metxeroen gasa ez da
gas naturalaren mota berekoa, baina adibidetzat balio du. Kontsumitzen dugun energia
asko iturri fosil horietatik lortzen da, baina energia-iturri fosilak mugatuak dira; izan ere,
duela milioika urte sortu ziren gaur egun erabiltzen ari garenak. Horrez gain, energia
horiek erretzeak hainbat arazo sortzen ditu ingurumenean; batzuetan, oso arazo larriak
eta konpontzen zailak.

Beste energia-iturri batzuk
Energia-iturri horien jatorria ez da Eguzkia.
Lurreko beste ziklo batzuen bidez lortzen dira.

Hidraulikoa / Isuri ura kikara batetik bestera, ur-jauzi bat balitz legez.
Ura ez da energia-iturri bat, baina elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Mendi edo presa
batetik behera erortzen den ura turbina bat mugitzeko erabiltzen da, eta turbinak,
mugitzean, elektrizitatea sortzen du. Gutxi gorabehera, horrela funtzionatzen dute bizikleten
dinamoek: gurpilak dinamoa mugitzen du, eta argia pizten da. Hemen, kontsumitzen
dugun elektrizitatearen zati handia lortzen da presetan, urari esker. Energia garbia eta
berriztagarria da, baina urtegiak egiteak eragin handiak ditu ingurumenean; izan ere,
ibaien dinamika naturala aldatu, eta interes ekologikoko lurrak urpean geratzen dira.

Haizea / Erakutsi haizagailua eta putz egin, hura birarazteko.
Haizeak elektrizitatea sortzen duten erroten hegalak birarazten ditu. Antzina, garia edo
artoa ehotzeko eta ura ponpatzeko erabiltzen ziren, eta, egun, elektrizitate-iturri garrantzitsua dira.
Elektrizitatea / Erakutsi tximistargi baten argazkia edo bonbilla bat.
Ekaitzetako tximistek energia kantitate handia dute. Energia hori modu naturalean sortzen
den elektrizitatea da. Elektrizitatea erabiltzeko modua aurkitu zutenetik, hori izan da
makinak mugitzeko energiarik erabiliena, nahiz eta haren jatorria ez izan ekaitzetako
tximistak.

Energia nuklearra / Erakutsi zentral nuklear baten argazkia.
Energia nuklearra uranioaren erradioaktibitatearen bidez lortzen da. Energia hori elektrizitatea
sortzeko erabiltzen da, eta medikuntzan ere bai, baina haren erabilera militarra da gehien
ezagutzen duguna. Gainerako energia-iturriak baino askoz energia gehiago ekoizten du;
alabaina, energia nuklearrak sortutako hondakinak izugarri arriskutsuak dira, milaka
urtetan irauten baitute. Horrez gain, istripuak gertatzeko arriskua dago, eta horrek oso
ondorio larriak izan ditzake gizakiengan eta ingurumenean.

Energia kimikoa / Erakutsi pila bat.
Pilek erreakzio kimikoen bidez sortzen dute energia. Erreakzio horietan, zenbait osagai
nahasten dira, eta, horri esker, elektrizitatea sortzen da. Pilak agortzen direnean, horrek
esan nahi du erreakzioko osagaiak ere agortu direla. Pilak eta bateriak erabiltzea oso
erosoa da, baina kontuz erabili behar ditugu; izan ere, horien hondakinak oso kutsatzaileak
dira, eta oso eraginkortasun txikia dute elektrizitatea sortzeko.

No hay comentarios: